|
"Berria".
Ostirala, 2008ko abuztuak 22.
Olinpiar Jokoak eta Eusko Jaurlaritzaren jokaera olinpikoa.
MARTXEL TOLEDO. ESAIT-EKO KIDEA.
Olinpiar Jokoak direla eta, azken bi aste hauetan ia mundu guztia
Pekinera begira jarrita dago. Telebistak, irratiak, egunkariak, azken
finean, munduko hedabide garrantzitsuenak jo eta su ari dira Pekinen
gertatzen ari den guztia kontatzen. Egitarau osoa, eguneko sailkapenak,
errekorrak, adierazpenak, abar eta abar, jokoetan gertatzen den
bitxikeria txikienak ere kasu honetan dimentsio handia hartzen duelarik.
Eta ez da harritzekoa, azken finean Olinpiar Jokoak lau urtez behin
antolatzen diren goi-goi mailako kirol ikuskizun handia izateaz gain,
batzuentzat negozio itzela ere badelako. Eta bereziki azken horregatik
dira Olinpiar Jokoak hain garrantzitsuak, kirolaren itzalpean diru asko
mugitzen delako. Irudia aitzakia hartuta, produktua saltzeko. Eta
horretarako, hedabideen kolaborazioa ezinbestekoa da. Beraz, Olinpiar
Jokoetan, neurri handi batean behintzat, interes batzuen jokoak ere
badirela esango nuke.
Aipatu medioen bonbardaketaren eraginez edo, guztiok izan dugu
aitzakiaren bat telebistari sekula baino arreta handiagoa jartzeko.
Batzuek barru-barrutik kirola bizi eta bereziki goi mailako lehiaketa
gustukoa dutelako; beste batzuek, berriz, bertan lehiatzen ari den
horietakoren bat laguna, ezaguna edo besterik gabe bere gustukoa
dutelako. Baina beste asko eta askok, agian gehientsuenak gainera,
horrelako lehiaketak bere Aberri sentimenduak bultzatuta jarraitzen
dituztela esango nuke, hau da, berea sentitzen duen nazio hori lehiaketan
parte hartzen ari delako.
Nik ez dakit horrelako sentimenduak edo beste arrazoiren batek
bultzatuta edo, Miren Azkarate anderea, Eusko Jaurlaritzako Kultura
sailburua Pekinen egon da aurreko astean eta nola ez, Euskal Telebistan
azaldu zen Olinpiar Jokoetan Espainiarekin ari diren euskal kirolari
batzuei promesa erakargarri batzuk eginez eta bide batez, besteak beste,
guztion diruarekin Eusko Jaurlaritzak bultzatuta sortu berria duten marka
ponpoxoa (BAT Basque Team) promozionatzen. Portzierto, ez nago ziur
Azkarate andereak Olinpiar Jokoetan Espainiarekin parte hartzen ari diren
Nafarroa Garaiko kirolariei laguntza berdina eskaini ote dien edo Euskal
Herrian ospatu diren txapelketa ofizialetan bezala, 16/2006 Legea aitzakia
hartuta beste aldera begiratu ote duen, beraientzako ez direlako euskal
herritarrak. Edo agian Jaurlaritzarentzat Pekinen bai dira euskal
herritarrak eta Euskal Herrian ez.
Ez naiz ni jarriko Jaurlaritzak sortu berria duen BAT Basque Team
proiektu horren bitartez edo beste modu batera, euskal kirolari batzuei
emango dien diru laguntzaren aurka. Ezta gutxiagorik ere. Besteak beste,
kirolariek jaso dezaketen laguntza guztia inoiz ez delako nahikoa izango
bakoitzak pertsonalki kirol arloan dituzten helburu guztiak betetzeko. Eta
bereziki horregatik pozten naiz Leirek, Ikerrek, Xabik, Samuk eta
Anderrek, bakoitzak bere kirolean Olinpiar Joko hauetan lortutakoaz.
Baina horrek ez du kentzen, Eusko Jaurlaritza eta bere Kirol Saila egiten
ari dena bortizki kritikatzeko. Nire ustetan ez delako zuzen jokatzen ari
eta egiten ari dena, azken finean, itxurakeria besterik ez delako.
Eusko Jaurlaritzak jakin badaki edo gutxienez jakin beharko luke, (ez dut
uste Azkarate anderea eta berak zuzentzen duen taldea, besteak beste,
Larrañaga eta Garai jauna horren motzak direnik) eramaten ari den kirol
politika eramanda, zuzenean edo zeharka, Espainiako selekzioari
laguntzen ari direla, azken finean, goi mailako euskal kirolariei jokoetan
parte hartzeagatik edota Espainiako txapeldunak izateagatik diru laguntza
emateak, zeharka bada ere, beste hori ere bultzatzen duelako. Ez dugu
ahaztu behar nazio modura Euskal Herriari parte hartzen uzten ez dioten
heinean, nazio txapelketa hauetan euskal kirolarien emaitza horiek,
Espainiak eta bere selekzioak kapitalizatzen dituztela. Beraz, eta beste
modu batera esanda, Euskal Herriak bere selekzio propioa izateko duen
eskubidea oztopatzen gaituenari, kasu honetan Espainiari, zeharka bada
ere, Eusko Jaurlaritza laguntza ematen ari da. Eta hori bidezkoa ez
izatearekin batera, lotsagarria ere bada. Baina arestian aipatu bezala, ez
dezala inork pentsa kirolari horiei laguntza ematearen aurka nagoenik, ez
da hori; niri ez zaidana egokia iruditzen zera da, Jaurlaritzak diru
laguntza horiek emateko erabiltzen duten kontzeptua, azken finean,
euskal selekzioak nazioartean bere ofizialtasuna lortzeko daraman aferan
horrek ez duelako ezer konpontzen.
Beraz, Eusko Jaurlaritzak eta bere kirol sailak egun daraman kirol politika
okerra eginez ez dugu inoiz lortuko euskal selekzioaren ofizialtasuna.
Hartu duen bideak porrotera garamatza. Etxean, EAEko federazioak,
16/2006 Lege baztertzailea aplikatuz, txapelketa ofizialetan Nafarroa eta
Iparraldeko euskal kirolariak baztertzeko determinazioa aspaldian hartua
dute, eta horrela ari dira aplikatzen. Ondorioz, Jaurlaritzarentzat bi
klasetako euskal kirolariak daude, batzuk lehen mailakoak (EAEkoak) eta
besteak bigarren mailakoak (Iparraldeko edota Nafarroa Garaikoak). Eta
hori, bazterketa bultzatzeaz gain, euskal kirolari bakoitzaren eskubideak
urratzea ere bada.
Nazioartean berriz ez da inongo urratsik egiten, eta dirudienez,
horretarako borondate politikorik ere ez zaie sumatzen. Beraz, betiko
egoeran aurkitzen gara. Bitartean, itxura egiteko edo, sortu berria duten
BAT Basque Team proiektu edo firmaren promozio itzela ari dira egiten
beste batzuen laguntzarekin, horretarako erabili behar duten diru kopuru
handia hedabideetan gastatuz. Agian, 1997ko aurrekontuetan
ESAITentzat izan behar zuen diru partida onartutakoa ere, promozio
horretara bideratuko dute. Bada, horrela bada, bejondeiela. Baina oker
dabiltza, hori ez delako bidea. Bidea, nazio klabean aritzea da, nazio
garelako. Etxean, Euskal Herriko kirolariak ordezkatuko dituen egitura
nazionalak (Federazio Nazionalak) sortu behar dira, horrek nazio bat
bezala aritzea ahalbideratuko gaituelako eta Nazioartean, Euskal
selekzioaren ofizialtasuna lortzeko egin behar diren urratsak egin behar
dira, azken finean, Euskal Herria nazioa izanez, eskubide batzuk
ditugulako eta horietako bat, nazioarteko txapelketetan geure
ordezkaritza propioarekin nazio modura aritzeko aukera izatea da. Eta
horretarako lehenik eta behin, borondate politikoa eta determinazioa
behar dira, baina horretan ere, Jaurlaritza eta bereziki kirol zuzendaritza,
nahiko hanka-motz ikusten ditut. Agian, marka komertzial bezala BAT
Basque Team promozionatzeko determinazioa bai hartu dutela, baina
nazio klabean arituz selekzioaren ofizialtasuna lortze bidean, urrats BAT
egiteko determinaziorik, BATere ez. Eta horrela, ez goaz inora.
© berria.info
Última edición por Joseba Otano Villanueva el Mié Nov 26, 2008 10:04 am, editado 2 veces en total
|