|
"Berria".
Igandea, 2008ko abenduak 28.
Herritarrek, zazpigarren gola.
Euskal Herriak kirol selekzio nazionalak izateko eskubidea duela aldarrikatu dute milaka lagunek Bilboko kaleetan.
Ofizialtasuna lortzeko kirol federazio nazionalak sortu behar direla dio ESAITek.
IBAI MARURI. BILBO.
Euskal Herria. Nazio bat. Selekzio bat. Federazio bat. Lelo hori zeukan
pankarta eta ikurrina erraldoi bat buruan zituela abiatu zen atzo
arratsaldean, ESAIT Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak deitutako
manifestazioa. Milaka lagunek erantzun zioten Euskal Herriko kirol
selekzio nazionalen alde agertzeko jaso zuten erronkari.
Haiekin batera hainbat kirolari bildu ziren; batzuk pankartari eusten,
gainontzekoak herritarren artean: Mikel Labaka eta Jon Ansotegi Realeko
jokalariak, Gaizka Garitano Alavesekoa, Ibon Larrazabal, Txema Añibarro
eta Markel Robles Eibarrekoak, Athleticeko Eba Ferreira eta Joseba
Garmendia, Aratz Gallastegi errugbi jokalaria, Xabi Galartza eta Aratz
Mendizabal pilotariak, Jon Bilbao atleta, Kepa Acero surflaria eta
Espainiaren aurka lehiatu berri den Euskal Herriko kick boxing selekzioko
kideak. Guztien izenean Ximun Duhour Aviron Bayonnaiseko atezainak
hitz egin zuen manifestazioa bukatutakoan.
Euskal selekzioek urtean lagunarteko partida bat jokatuaz, nazioarteko
txapelketetan parte hartu ahal izango dutela sinetsarazi nahi izatea egotzi
zien agintari politikoei. «Guk sinetsi baino gehiago, ikusi eta entzun egiten
dugu. Ikusi dugu ez dutela borondaterik aurrerapausoak emateko. 30
urte daramatzatela berdina eginez eta, gainera, berdin jarraitzea
aldarrikatzen dutela ere entzun dugu», ohartarazi zuen.
Azken hilabete honetan euskal kirolariek jaso duten presioa «ikaragarria»
izan dela salatu zuen. Aste hasieran kirolariek plazaratutako agiriarekin
bat eginez, ez zien euren aurka egindako adierazpenei erantzun.
«Ez erregio, ez erkidego ez eta foru komunitate, Euskal Herria nazio bat
da. Zazpi herrialdez osaturiko nazioa. Horregatik lurralde hori
ordezkatuko duen selekzioak behar ditugu», aldarrikatu zuen Duhourrek.
Ofizialtasuna lortzeko, herrialde guztietako kirolariak bere baitan hartuko
dituzten kirol egiturak behar direla nabarmendu zuen. Adierazpen
horretan, bat egin zuen ESAITeko Itziar Arratibelek ere.
Euskal Herriko selekzioari «ateak itxi» izana egotzi zien
Arratibelek, «sarrerarik ordaindu gabe, futbol partidak palkotik ikustera
ohitu direnei». Haren hitzetan, «herri bezala irabazi beharreko partida ari
gara jokatzen, eta irabaztea guztion esku dago». Norgehiagoka horretako
golak zenbatu zituen kirolari, sindikatu, alderdi politiko eta gizarte
eragileek Euskal Herriko selekzioaren alde egindako urratsak
aipatuz. «Eta zazpigarren gola, gaur, Bilboko kaleetan, milaka eta milaka
euskaldunek sartu duguna».
Zatiketa salatzeko asmoa.
Eusko Jaurlaritzako kirol agintariek Euskal kirolariak «Espainiak eta
Frantziak ezarritako mugen barnean» zatikatzen dituztela salatu zuen.
Hartara, Euskal Herri osoan antolatzen diren txapelketetan «zatiketa
administratiboa oinarri duten diskriminazio guztiak» agerian uzteko
asmoa dutela aurreratu zuen. Kirolariekin elkarlanean, Euskal Herria
oinarri duten kirol lehiaketak antolatu eta bultzatuko ditu
ESAITek. «Herriz herri eta kirolez kirol eraman nahi dugu, futbolariek eta
goi mailako kirolariek abiaturiko ildoa».
############
Manifestazioan bildutako jendetzak bat egin du futbol jokalari eta ESAITen aldarrikapenarekin. Euskal selekzioek Euskal Herria izena izan dezatela eskatu dute, Euskadikoaren ordez.
Kirolariak ez daude bakarrik.
JOSEBA ZUBIAUR. BILBO.
Euskal futbol selekzioak ez du partidarik jokatu aurten. Hala ere, euskal
selekzioen aldarrikapenak ez du etenik izan. Futbol zelaitik kalera eraman
zuen atzo ESAITek -Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak-. Jendeak bat
egin zuen futbol jokalariekin, eta eukal selekzioei beren babesa eman
zioten. Euskal Herriaren eta Euskadiren arteko partida luzea atzo bukatu
zen, eta Bilbon bildutako jendetzak sartu zuen gola.
Euskal selekzioak partida jokatzen duen eguna oso berezia izaten da.
Goizetik izaten da giroa, eta gaueko ordu txikietara arte luzatzen da.
Partidak euskal selekzioen aldeko aldarrikapena egiteko balio du, baina
aldarrikapen hori egiteko era desberdinak daude, jendeak atzo Bilbon
erakutsi zuenez. Partidetako giro hori izan zen nagusi.
Euskal Herriko txoko guztietatik iritsi zen jendea Bizkaiko hiriburura, Jon
Atxurra horietako bat izan zen. Haren iritziz, interes politikoak daude
eztabaidaren atzean: «Euskadi hitza politikari batzuek gutxietsi dute, eta
ez du euskaldunen nahia benetan irudikatzen. Euskal Herria izenak
egokiago irudikatzen du». Haren iritziz, gauzak argi daude: «Iaz Euskal
Herria izenarekin jokatzea erabaki zen, eta ez dakit zergatik erabaki
duten Euskadi izenarekin jokatu behar zela aurten. Herri bat bagara eta
selekzio bat behar badugu, argi dago Euskal Herria izena eduki behar
duela».
Jon Arrizabalaga ere manifestazioan izan zen, eta Atxurraren iritzi
berekoa zen: «Gaia politikoa izan da. Politika erabili da kirola den kontu
baterako, interes politiko batzuk atzean egon direlako. Hiritarren
gehiengoak nahi duenari ez diote erreparatu. Jendeak ofizialtasuna nahi
du, eta aurrera egin bide horretatik. Kontua gauza mugitzea da, eta ez
partida huts batea uztea».
15.000 lagun bildu ziren Euskal Herria nazio bat selekzio bat lelopean.
Hala ere, Agirrezabalagak gisa horretako ekitaldi batek jende gehiago
bildu beharko lukeela uste zuen: «Jende asko dago, baina jende gehiagok
egon behar luke. Gaia politizatu denez, batzuk etorri dira, eta beste
batzuk ez, argi ikus daiteke nor dagoen eta nor ez. Federazio guztien gaia
izanik guztien ordezkariak egon behar lukete manifestazioan, baina
alderdi interesak direlako medio jendea falta da».
Falta ziren batzuk, ordea, ez zute Bilbon egoterik izan. Hala ere,
manifestazioarekin bat egiteko modua aurkitu zuten. Amerikako Euskal
Diasporako Eztabaida Guneak sinadurak bildu zituen beren babesa
helarazteko futbol jokalariei, kirolariei, ESAITeko kideei eta
manifestazioan zegoen jende guztiari. 160 sinaduratik gora bildu zituzten
astean hainbat herrialdetan; besteak beste, Argentinan, Txilen, Kuban,
Uruguain, Venezuelan, AEBetan eta Espainian.
Eztabaida guneak aditzera eman zuenez, «Federazioak aurrerapauso
nabarmena eman zuen orain 12 hilabete, autonomia erkidego bati ez
zegokion izen bat eman baitzion Euskal Herriko futbol selekzioari. Izen
horrek zazpi herrialde dituen nazioa ordezkatzen du. Baina, euskal
munduan, pauso bat aurrera eta bi atzera ematen dira. Atzera egitera
behartu nahi gaituzte, eta Euskadi izenarekin lehiatzera behartu».
Urteroko futbol partidak izaten duen giro bikaina izan zen Bilboko kaleetan.
Amerikako Euskal Diasporako Eztabaida Guneak bat egin du manifestazioarekin.
############
############
MIREN URKIOLA. Harri-jasotzailea.
«Sekulako jende mordoa batu gara, jende asko ikusten da hemen
inguruan. Kirol batzuetan euskal selekzioa badago, baina asko daude
selekzio barik. Horrela segitzen badugu, pixkanaka lortuko dugu euskal
selekzio ofizialak egia bihurtzea kirol horietan ere. Partidara ez baina
manifestaziora etorri gara, San Mames ez dugu beteko, baina ea Bilboko
kaleak betetzen ditugun».
IRAIA GARCIA. Atleta.
«Iaz Euskal Herria izenarekin jokatu zuten futbol partida, eta, aurten,
Euskadi izenarekin jokatzera behartu nahi zituzten futbolariak. Iaz egin
zen aldarrikapena aurten atzera eraman nahi izan dute. Atletismoan ere
ez dituzte gauzak ongi kokatu, iaz arte Euskadiko txapelketa jokatzen zen
bakarrik. Iaz, Euskadiko eta Euskal Herriko Txapelketak egin ziren».
############
############
ANARTZ ITURBE. Kick boxing borrokalaria.
«Lehenbiziko aldiz benetako eztabaida mahai gainean jarri da. Euskal
Herria zazpi nazioez osatua dago, eta Euskadik ez du hori irudikatzen.
Uste dut atzerapusoa baino aurrerapausoa eman dela, horrek eztabaida
mahai gainean jarri duelako. Futbol jokalaraiek izan duten jarrera horrek
oihartzun handia izan du, eta gizartera zabaldu da eztabaida, orain arte
falta zena».
MIELMARI JAUREGI 'ALTZO'. Segalaria.
«Jauzi koalitatiboa eman da, gauzak argitu egin dira orain. Gure eragina
eta beste kirol batzuena txikia da, baina futbol jokalariek eragin handia
dute gizartean, eta ekimen hori denon mesederako izan dela uste dut.
Guri dagokigunez, federaziorik ez dagoenez, ez dugu arazorik atzerrian
Euskal Herria ordezkatzeko. Gainera, gure ikurrak eraman ditzagun nahi
izaten dute».
############
© berria.info
|