|
"Berria".
Ostirala, 2008ko urriak 24.
Bosgarrena Arrigorriagan.
Euskal Kirolaren Eguna antolatu dute etziko; kirola, aldarrikapena eta festa uztartzea dute helburu.
IÑAKI ESNAOLA.
Euskal Kirol Federazioen Batasunak antolatuta (EKFB), Euskal Kirolaren V.
Eguna egingo dute etzi, Arrigorriagako Udal Kiroldegian. Jaialdia
11:00etan hasiko da, eta gutxi gorabehera 15:00etan bukatuko da.
Urtero bezala, ekitaldiaren xedea izango da euskal kirola indartzea eta
Euskal Selekzioaren nazioarteko ordezkaritza ofiziala eskatzea.
Horretarako, 30 bat kirol modalitate ezagutarazi eta sustatuko dituzte, eta
nahi duenak parte hartzeko aukera izango du. Horrez gain, 13:30 aldean,
euskal kirolaren zein selekzioaren omenezko oroitarria jarriko dute.
2004an martxan jarri zuten ekimen hori, eta orain arte Bilbon, Durangon
eta Tolosan egindako jaialdiek harrera ezin hobea izan dute.
Arrigorriagan ere erantzun berbera lortu nahi dute antolatzaileek.
Egitarauari dagokionez, aukera zabala izango dute bertara joaten
direnek. Oroitarria jarri ondotik, hainbat kirolaren maratoia hasiko da,
Arrigorriagako kiroldegian. Besteak beste, urpeko ekintzak, xakea,
boxeoa, txirrindularitza, kirol egokitua, areto futbola, gimnasia
erritmikoak, halterofilia, herri kirolak, hipika, hockeya, karatea, padela,
pelota, surfa eta mahai tenisa. Esan bezala, bertara joaten direnek parte
hartu eta gozatzeko aukera paregabea izango dute.
Bat eginik aurrera.
Euskal kirolaren erakunde guztiak batzeko asmoz sortu zen Euskal Kirol
Federazioen Batasuna, 2003an. Helburu nagusia da euskal kirola
orokorrean eta, zehazki federatua, sustatzea. Guztira, 48 kirol federaziok
osatzen dute - 200.000 kirolari, ia EAEko biztanleriaren %10-.
Federazioen ustez, euskal kirolak ekimen gehiago behar ditu hedatzeko
eta sustatzeko.
Bestalde, EKFBk lau xede nagusi hautatu zituen urteekin aurrera
eramateko: Euskal Herriko kirol federatuen hazkundea, euskal selekzioak
indartzea, federazioek eta kirolariek diru laguntzak errazago lortzeko
ahalegina egitea, eta kirol politikak sortzeko garaian ideiak ematea. Era
berean, EKFB sortu zutenean jarraitu beharreko ildoak zehaztu zituzten;
hala nola euskal federazioek elkarrekin lan egitea, gastuak gutxitu eta
zerbitzuak hobetuko dituen mutualitatea, baliabide ekonomiko zein
materialak aurreztea eta dopinaren kontrako borroka egitea.
Euskal Kirolaren Egunaren ekitaldia ez ezik, Itsas Joko Atlantikoak ere
antolatu ditu EKFBak aurten, Getxon eta Sopelan. Parte-hartzeari eta
antolakuntzari dagokionez, oso arrakastatsuak izan ziren aurreko
ekitaldiak. Jendearen erantzuna eta komunikabideen jarrera ere ezin
hobea izan zen. Are gehiago, orain dela 14 urte antolatzen hasi zirenetik
aurtengoak joko onenak izan direla jakinarazi dute.
© berria.info
|